2008/10/02

Kapitalismo neurrigabea, Estatuaren babes bila


Krisi latza dute finantza merkatuetan eta, batez ere, negozio bankuetan, eta krisi hori politika ekonomiko jakin baten ondorioa da: Milton Friedman eskola ultraliberalaren aita teorikoaren jarraitzaileen politikaren ondorioa. Hiperkapitalismoak horrelako arriskuak dakartza; arau gabezia erabatekoan oinarritua baita, epe laburreko irabazietan, eta ekonomia birtuala ekonomia egiazkoaren gainetik egoteko nagusitasunean.

Azken urteotan, akzioak grina biziz salerosi dituzte berehala etekina ateratzeko, aldez edo moldez; enpresek bat egin dute edo batak bestea irentsi, inolako industria planik izan gabe; bestelako espekulazio operazioak ere izan dira. Horrek guztiak finantza ekonomien gailurrean jarri ditu bankuak, energia taldeak eta eraikuntza enpresak. Haientzat, bizkor eta erraz irabaztea izan da kudeaketaren oinarria; ihes egin dute aberastasunaren sorreran eta, azken batean, pertsonen beharren erantzunean oinarrituriko jokamoldeetatik.

Enpresa askok utzi egin diote gizartearentzat produktuak edo zerbitzuak eskaintzeko tresnak izateari -jabeei irabaziak emateko ere baziren lehen ere, jakina-, eta enpresa bera da orain helburua: finantza plataforma bihurtu dira, kolpetik aberasteko, inbertsioak oso-oso epe laburrean egiteko, baita ordu batzuetarako bakarrik ere, eta, beraz, espekulaziorik gordinenean aritzeko.

Horixe da kapitalismo neurrigabea, Alan Greenspan AEBetako Erreserba Federaleko arduradun ohiak aipatzen zuena, kapitalismo zentzugabe bat. Lehman Brothers-en eta gisako inbertsio bankuen porrota neurrigabetasun horren ondorio da, AEBetako hipoteka krisiak eragindakoa, hori izan baita karta dorrea erortzeko falta zuen ukitua.

Izango dira ohorezko biktima gehiago ere, doitze garai honetan. Konturik sendoenak dituztenek merke-merke erosiko dituzte gainbehera etorritako finantza inperio zaharrak, eta defentsarako bat-egiteak eguneroko ogia izango dira. Kapitalismoa, ekonomia sistema nagusia den aldetik, ez da hondoratuko, ez gaitezen engaina, baina marrazorik arriskutsuenetako batzuk, jardunbiderik arriskutsuenak izan dituztenak, beste harrapari batzuek jango dituzte; hain zuzen ere, polikiago eta seguruago mugitzen ohituta daudenek.

Hori esanda, kontuan hartu behar da nola geratu den agerian ideologia liberalaren kontraesan handia. Ideologia neoliberala merkatuaren nagusitasunean oinarritzen da, eta estatuaren txikiagotze etengabean, hura ekonomia arloko eragile den aldetik. Egoera bareagoetan ere sumatzen ziren kontraesanak. Esate baterako, hau: estatuari ekonomiaren arautzaile den aldetik dioten mespretxua, batetik, eta estatuari ematen dioten babesa, bestetik, lehengaiak lortzeko borrokaren batean esku hartzea nahi dutenean, Iraken gertatu bezala.

Dena dela, orain are nabarmenagoa da diskurtso liberalaren eta krisian izandako jokabidearen arteko kontraesana. AEBetako Fannie Mae eta Freddie Mac hipoteka agentziak nazionalizatu egin dituzte, erdi ezkutuan; AIG aseguru enpresari sekulako laguntzak eman dizkiote; Northern Rock salbatzeko, esku hartu dute -otsailean nazionalizatu zuen Erresuma Batuko Gobernuak-; Bear Stearns salbatzeko ere bai -JPMorganek irentsi zuen, Fed bitartekari zela-... Horrek guztiak argi eta garbi erakusten du arautzearen kontrako eta laissez-faire-aren aldeko profetak segituan kikiltzen direla eta ahia eskatzen hasten zaizkiola aita estatu gorrotagarriari, gauzak okertzen direnean. Horren erakusgarri argia da hau: esku hartzeko neurri guztiak txaloka hartu dituzte Mendebaldeko burtsetan; alegia, ekonomian oihaneko legea defendatzeko tenpluetan. Baina komeni da esatea ez dela berria estatuak esku hartzea zailtasunak dituzten enpresetan. AEBetako gobernu batzuek, hala nola Richard Nixonenak eta James Carterrenak, beren esku hartu zuten Lockeed Aircraft enpresa militarra eta Chrysler bera salbatzeko lana. Era berean, azpimarratzekoa da, porrot egiteko zorian diren enpresetan esku hartzeaz gain, egunotan milioiak eta milioiak jarri dituztela banku zentral nagusiek.

Krisiaren tamaina ikusirik, zangoak dardarka hasi zaizkio neoliberal askori. Espainiako CEOEko presidente Gerardo Diaz Ferranen ustez, «etenaldi bat egin behar da merkatu libreko ekonomian», eta esku hartzeko neurrien alde egin du, AEBetan bezala. Bazter guztietatik atera dira Keynesen falta sumatzen duten ekonomistak, eta hainbat guruk, hala nola Joseph Stiglitz Munduko Bankuko zuzendari kudeatzaileak, esana dute sistemaren hipokrisia dela gertatzen ari den guztia. Beste iritzi sortzaile batzuek bat egin dute moda berriarekin, eta AEBetako Erreserba Federala eta burtsetako merkatua kontrolatzen duen organismoa (Sec) aztertzen hasiak dira estatu agentzia bat abian jartzea, krisian kalteturiko aktiboez arduratu eta arriskuan diren enpresen balantzeetatik ateratzeko. 1989an antzeko helburuarekin sorturiko Resolution Trust Corporation-en beste bertsio bat litzateke. Azkenean, George W. Bushen gobernua, neokontserbadore ultraliberalen sare lausoetan oinarrituriko hori, gehien esku hartu duen AEBetako gobernua bihurtuko da.

Baina zein da irtenbidea? Horrelako egoeretan, bestelako ekonomia sistema bat abian jartzea da egiazko irtenbide bakarra, jakina: pertsonen zerbitzuan egongo den sistema bat, eta ez alderantziz. Bestelako sistema horrek tresnak izan beharko lituzke baliabideak zorrotz kudeatzeko, eta modua egin beharko luke aberatsen eta pobreen arteko aldeak gutxituz joateko. Nolanahi ere, utopia hori iristen den bitartean, eskatu beharko zaie gobernuei muga jartzeko merkatuen neurrigabetasun zentzugabe horri, espekulazioa eta informazio pribilegiatuaren eta eraginen trafikoa murriztuz. Eta gobernu horiek hitza eman beharko lukete justizia egiteko exekutibo oldarkor horiekin, zeinak, negozio eskola esklusiboenetatik atera berritan, aberastasuna alferrik galtzen ibiltzen baitira mahai joko batean ariko balira bezala, batere inporta izan gabe egiazko ekonomia eta planeta honetako milioika biztanleen oinarrizko premiak.

(Erredakzioan itzulia)

["Berria", 2008-10-02]

No hay comentarios:

Publicar un comentario